Kutxabanken
Hildako pertsona baten herentzia esleitu ahal izateko, hainbat tramite eta kudeaketa egin behar da. Une horretan zalantza eta galdera asko sortzen dira. Ondoren, beharrezko dokumentazioa eta jarraitu beharreko urratsak zehazten dira, prozesua argiago eta errazago izateko.
Jaraunspen bat izapidetzea
Hildako pertsona baten herentzia esleitu ahal izateko, hainbat tramite eta kudeaketa egin behar da. Une horretan zalantza eta galdera asko sortzen dira. Ondoren, beharrezko dokumentazioa eta jarraitu beharreko urratsak zehazten dira, prozesua argiago eta errazago izateko.
Hitzez-hitzeko Heriotza Ziurtagiria
Zer da?
Erregistro Zibilak heriotza egiaztatzeko ematen duen agiria da.
Nola eskatu?
- Aurrez aurre, heriotza gertatu den udalerriari dagokion Erregistro Zibilean. Eskaera egin duenak NAN aurkeztu beharko du, eta hildakoaren izen-abizenak, heriotzaren eguna eta lekua adierazi.
- Posta arruntaren bidez, Erregistro Zibilera gutuna bidaliz, ziurtagiria noren izenean eta zein posta-helbidera bidaltzea nahi duzun adieraziz, eta eskabidean honako hauek adieraziz: ziurtagiria eskatzen duen pertsonaren izena, abizenak eta NAN; baita hildakoaren izen-abizenak, eta heriotzaren tokia eta data ere.
- Internet bidez, Justizia Ministerioaren egoitza elektronikoan
sartuta, eta informazio gehiagorako: Justizia Ministerioa
.
- Eskatzailearen NAN.
- Hildakoaren izen-abizenak.
- Heriotzaren eguna eta lekua.
Azken Borondateen Ziurtagiria
Zer da?
Pertsona batek testamentua egin ote duen eta zein notarioren aurrean egin duen egiaztatzen duen agiria da. Horrela, oinodekoek azken testamentua baimendu duen notarioarengana jo ahal izango dute, eta testamentuaren kopia baimendua eskuratu.
Kontuan hartzekoak:
- Heriotza-egunetik 15 egun baliodun igaro ondoren eskatu behar da Azken Nahietako Egintzen Ziurtagiria.
Nola eskatu?
Nahitaez, Justizia Ministerioaren webgunean deskargatu edo erakunde horretako egoitzan zein lurralde-ordezkaritzetan dohainik eskura daitekeen 790 Eredua betez.
790 Ereduan bertan eska daiteke Aseguru Kontratuen Ziurtagiria, hildako pertsona bat aseguratu gisa agertzen den indarreko kontratuak egiaztatzen dituena.
790 Ereduaren zenbatekoa Kutxabanken bidez ordain daiteke.
Azken Borondateen Ziurtagiria honela eska daiteke:
- Aurrez aurre, Herritarren Arretarako Bulego Nagusian, Madrilen (Burtsa kalea, 8), edo Justizia Ministerioaren edozein lurralde-ordezkaritzetan, gainerako Autonomia Erkidegoetan.
- Posta arruntez, eskaera helbide honetara bidaliz: Azken Nahietako Egintzen Erregistro Orokorra, Justizia Ministerioa, Jacinto Benavente plaza, 3, 28012 Madril.
- Internet bidez, Justizia Ministerioaren erabiltzailearen ziurtagiri elektronikoarekin, Justizia Ministerioaren egoitza elektronikoan
.
Beharrezko dokumentazioa:
- Hitzez-hitzeko Heriotza Ziurtagiria, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, pertsona hil den udalerriari dagokion Erregistro Zibilak emana.
- Eskatzailearen datuak.
- 790 Eredua, beteta.
- Tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.
Oinordekoak Izendatzeko Testamentua edo Nabaritasun Akta
Zer da?
Testamentua egintza juridikoa da, zeinaren bidez pertsona batek, hil ondoren, bere ondasun guztiak edo horien zati bat xedatzen dituen, oinordekoak edota legatu-hartzaileak izendatuz eta bakoitzari dagokion herentziaren proportzioa adieraziz.
Oinordekoen deklarazioa tramitatzea beharrezkoa da oinodekoa izendatzeko testamenturik edo oinordetza-itunik ez dagoenean. Beraz, hildakoak testamenturik egin ez badu, familiartasun-mailaren arabera, beharrezkoa izango da:
- Notario batek emandako nabaritasun-akta, oinordekoak nortzuk diren ere jasotzen duena.
- Oinordekoak deklaratzeko epaitegiak emandako auto judiziala, oinordekoak nortzuk diren ere jasotzen duena.
Kausatzaileak testamentua egin duen ala ez, eta, hala denean, testamentua non egin duen, Azken Borondateen Ziurtagirian jasoko da.
Nola lortzen da?
Testamentu bidezko oinordetzei dagokienez (hau da, testamentua egin zenean), oinordekoek azken testamentuaren kopia baimendua eska dezakete testamentua egin zen notariotzan.
Testamenturik gabeko oinordetzetan (hau da, testamenturik egin ez denean), herentzian interesa dutenek oinordekoak deklaratzeko akta eskatuko dute, notario batek egina. Ondoko pertsona hauek eskatu ahal izango dute oinorde gisa aitortuak izatea bide horretatik, kausatzailearekin duten familiartasun-mailaren arabera: ondorengoek, aurrekoek, ezkontideak edo ezkontzaren pareko afektibitate-harremanaren bidez lotutako pertsonak, edo haren alboko senideek.
Kausatzaileak bere azken bizilekua edo ohiko bizilekua izan duen udalerriko notarioa izango da eskuduna, edo bere ondarearen zatirik handiena dagoen tokikoa, edo hil den tokikoa, betiere Espainian badaude, eskatzailearen aukeran. Aurrekorik ez badago, eskatzailearen bizilekuari dagokion notarioa izango da eskuduna.
Herentzia Onartzeko eta Esleitzeko Agiri Publikoa edo Pribatua
Zer da?
Herentzia banatzean, hildakoaren ondasunak oinordekoen artean banatzen dira, bakoitzari dagokion kuotaren proportzioan, behin herentzi-tituluaren bidez (testamentua edo oinordekoen deklarazioa) egiaztatu denean nortzuk diren oinordekoak izateko eskubidea duten pertsonak, eta pertsona horiek herentzia onartu dutenean. Hildako pertsona baten herentzia haren ondasun pribatiboek osatzen dute, eta, hala badagokio, irabazpidezko ondasunen erdiek, ezkontzaren erregimen ekonomikoa hori bada.Nola lortzen da?
- Notario aurreko banaketa: Oinordekoek askatasunez aukeratzen duten notariotzan egin daiteke banaketa-eskritura. Oinorde guztiek sinatu beharko dute, pertsonalki edo ahalordedun bidez. Herentzia onartzeko eta esleitzeko eskritura da.
- Agiri pribatua: Oinorde guztiek agiri pribatu bidez adostuta egiten dutena da. Oinorde guztiek sinatu behar dute.
- Banaketa Judiziala: Oinordeak hildakoaren ondasunak banatzeko moduari buruz ados jartzen ez badira, instantziako auzitegietara jo beharko dute, banaketa judiziala egin dadin.
Oinordetzen gaineko Zergaren likidazioa
ODZ-Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergan, titularra hiltzen denean Kutxabanken utzitako saldo guztien inbentarioa egin beharko da.
Likidazioa ezinbesteko baldintza da Kutxabanken gordailututako ondasunak erabili ahal izateko, eta oinordeek ordainketa edo salbuespena egiaztatu beharko dute.
Oro har, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga hildakoaren kontuan ezartzeko eskaera egin daiteke. Hala badagokio, egiten den eskabidean, Azken Borondateen Ziurtagiria eta testamentuaren kopia aurkeztu beharko dira. Bizkaiko eta Arabako Lurralde Historikoetan, gainera, Ogasunaren aurretiazko baimena behar da, zergak hildakoen kontuetan kargatu ahal izateko. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hori. Ordainketa oinorde guztiena ez bada, edo, oinorde guztiena izanik, horien artean alde nabarmena badago, zergaren ordainketa-agiriaz gain, eskabideari oinorde guztien sinadura duen idatzia erantsi beharko zaio.
Non aurkezten da?
Oro har, administrazio eskuduna izango da zerga sortzen den egunean kausatzailearen ohiko bizilekuari dagokiona, hau da, heriotzaren datari dagokiona.
Ehorzketa Asegurua kontratatzea pentsatu duzu?
Kutxabank Ehorzketa Asegurua Kutxabank Aseguradora, Compañía de Seguros y Reaseguros SAUren produktua da. Kutxabank da Kutxabank Vida y Pensiones SAUren banka-aseguruen operadorea, Kutxabank Aseguradorarekin jarduteko baimena du eta Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren Aseguru Banatzaileen Administrazio Erregistroan OE0004 zenbakiarekin inskribatuta dago.